Parte hartu

Aurtengoan, berrehun eta berrogeita hamarretik gora migrazio-espezierekin egina dugu hitzordua. Miru beltzak, belatz liztorjaleak, mirotzak, belatzak, arrano sugezaleak, arrano arrantzaleak, zikoinak, usoak, kaioak, ahate limikolak, antzarak, kurriloak ikusiko ditugu, bai eta ezin konta ahala txori kantari ere. Halaber, bestelako hegaztien hegaldia ere gozatuko dugu: sai zuria, arrano beltza, saiarrea, ugatza ..., guztiak ere Euskal Herriko ikurrak. Bestelako espezieak ere xeheki aztertzen jarraituko dugu: hala nola, zikoina beltza, arrano sugezaleak eta mirua. Eta, larrazkenero bezala, arreta berezia pausatuko dugu usoen migrazioan, bai eta ehizak uso-pasan duen eraginean ere.

Urtez urte, migrazioaren jarraipenean parte hartzeari esker, informazio guztiz baliosa eskuratuko duzu hegazti migratzaile jakin batzuen kopuruan dauden joerei buruz. Esate baterako, miru gorriari dagokionez, ikusi da 1989tik hona ale gutxiagok zeharkatzen dituztela Pirinioak, eta hori bat dator ugalketa-eremu jakin batzuetan egin diren azterlanekin. Orain, berriz, badirudi zertxobait hobetu dela 2004tik hona. Zikoinen kopurua, ordea, handitu egin da; alde horretatik, erran dezagun 2008. urtea errekorra izan zela bai zikoina beltzari bai zikoina zuriari dagokienean.

Programak, halaber, jende aunitz hartzeko aukera ematen du, bai eta hegaztiek Europan eta Akitanian egiten duten migrazioari buruzko argibidea emateko aukera ere. Programa, gainera, bitarteko egokia da jendea ohartarazteko, dela ehizak dakartzan gehiegikeriez, dela mendi-inguruneetan, eta, oro har, naturan, eragindako kalteen inguruan. Funtsezkoa iruditzen zaigu jarraipen zientifikoa eta informazioa ongi egitea, espezieak eta migrazio-bideak babesteko lanean aurrerapausoak emate aldera. Helburu hori ez daiteke lor zure laguntzarik gabe, alde batera utzita zer esperientzia maila duzun; izan ere, hainbat egunez han bertan aritu ondoren, eta kide iraunkorrekin harremanetan aritu ondoren, gutxienezko ezagutzak eskuratuko dituzu. Beraz, berriz ere gurekin bat egin eta guri laguntzeko gonbitea egiten dizugu, gurekin batera azterketa lekuetan aritzeko. Horrela, ederki gozatuko duzu itsas gainetik doazen (ur-itsaso edo hodei-itsaso gainetik) migrazio-mugimendu handiei darien lilura, suaren inguruko solasaldi atseginetan eta plater goxo bat aitzinean duzula.

Boluntarioen parte hartzerik gabe, ezinezkoa litzateke programak arrakasta izatea. Aurreko urteetan bezala, boluntario lanetan parte hartzera gonbidatzen zaituztegu, edo, nahiago baduzue, eko-boluntario lanetan aritzera.

Lindus programaren kokalekuak Organbidexka, Lindus eta Lizarrieta dira, hirurak ere Frantziako Euskal Herrian. Hiru kokalekuen koordinazioaz Lindus programako frantses bazkidea arduratu da, hau da, Akitaniako LPO Elkartea, uztailaren 15etik azaroaren 15era, lehen biei dagokienez, eta, irailaren 15etik azaroren 15era, azkenari doakionean. 

Aurtengoan, Lindus programaren baitan, Eko-boluntarioen Nazioarteko Kanpaldi bat antolatu da Lindusen, abuztuaren 3tik irailaren 27ra; ostatua, jana eta gainbegiraleak eskaintzen dira.  Programa esperimental horretan barne daude boluntario lanetan aritzeko baldintzak. Lindus programaren arduraduna da koordinatzailea; Aurizko alkatea, alegia.

Horrenbestez, sarri arte Euskal Herrian, non hegazti migratzaileen topaketa handi bat izanen baita...

Eko-boluntarioen eta boluntarioen arteko desberdintasunak

Eko-boluntarioa zaren aldetik, erabat arduratuko dira zutaz, iristen zaren unetik kokalekutik alde egiten duzun arte. Prestakuntza jasoko duzu eta hamar egunez egon beharko duzu, antolatzaileek errandako egunetan. Era berean, lan-ordutegiak bete beharko dituzu; ez duzu aukeratuko ez kokalekua, ez zenbat egunez arituko zaren, ezta zer lan klase eginen duzun lanean ari zaren bitartean.

Boluntarioa bazara, ordea, ez dira erabat zutaz arduratuko iristen zaren une beretik kokalekutik alde egiten duzun arte (otorduak zure kargu joanen dira); ez duzu berariazko prestakuntzarik jasoko (kokalekuetako kide iraunkorrak, ordea, zure eskura daude aholkuak eta laguntza emateko); zenbat egunez geldituko zaren aukeratuko duzu, bai eta zer egunetan arituko zaren ere (hori bai, kontuan hartuta lo egiteko tokirik ote dagoen, ostatua jaso nahi baduzu). Zuk zure lan-ordutegia antolatuko duzu, zure kokalekua aukeratuko duzu, zenbat egunez arituko zaren, eta zer lan klase eginen duzun lan-ordutegian.

 

Crédits | Mentions Légales | Newsletter | Liens - © LINDUS 2017 - FRANCE.